Gazteak eta euskal kulturaren transmisioa

Erabiltzailearen aurpegia Bakartxo Ruiz 2026ko urtarrilaren 27a

Aste honetan Eñaut Elorrieta izan dugu gure ikastolan, DBH4ko ikasleekin hartu-emanean. Saio gozagarria izan da. Euskal musikagintzaren historiaz aritu zaie eta, tartean, frankismo garaiko zentsuraz, Gernikako baserrian ezkutuan zituzten diskoez, Ez dok amairu taldeaz…  Finean, atzoko eta egungo Euskal Herriko musikarien errepaso bikaina egin du. Horietako batzuk klasean aipatu, entzun eta landu izan ditugu, baina ikasle askorentzat ez dira erreferenteak, inondik.  

15 urteko ikasle horiei beraiei ikasturtearen hasieran galdetegitxo bat pasa nien, euskararekin eta euskal kulturarekin zeukaten harremana ezagutzeko asmoz. Batzuek esaten zuten, adibidez, ez dutela sekula euskarazko musikarik entzuten.

Gaztelania (edo frantsesa) eta ingelesaren (eta kultura horien) alboan, ez da erraza mundu globalizatu honetan korrontearen kontra joatea. Alegia, gure ikasleek Euskal Herria ardatz izango duten erreferenteak izan ditzaten. Iraganekoak eta egungoak. Eta saiatu, saiatzen gara, gutako asko behintzat. Nire inguruan euskal curriculumaren garapenarekin konpromiso irmoa ikusten dut. Baina, agerikoa denez, hausnartzen eta lanean jarraitu behar dugu hezkuntza eragile guztiok, familiek barne. Baita hezkuntza-eremu soiletik harago, euskal komunitatea osatzen dugun guztiok ere.   

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!