30 urte dira Euskaltzaindiak eta Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an izango zela erabaki zutenetik. Orduz geroztik, Euskal Herri osoko euskaldunok batzen gaituen eguna da, baita Euskal Herritik kanpo bizi direnak ere.
Hain zuzen, pasa den abenduaren 3an Zetak taldeko Peio Reparaz ikusi ahal izan genuen TVEko La Revuelta programan. Bertan euskara bera eta euskaraz egindako sorkuntza aldarrikatu zituen, irmotasunez eta harrotasunez. Agerraldi horren harira iritzi anitzak entzun eta irakurri ditut egunotan: batzuentzat “asimilazio” ariketa bat izan zen, besterentzat marketing kanpaina eta, askoren iritziz -ni neu, tartean- gure hizkuntza eta kulturaren ikurra astintzeko aukera paregabea baliatzea.
Euskarak dena behar du. Bozgorailu guztiak probestu behar ditu. Gu guztiok behar gaitu. Baina aldarrikapen sinbolikoetatik harago, ekintzak behar ditu.
Datorren abenduaren 15ean 39 urte beteko dira Nafarroa Garaiko Euskararen Lege diskriminatzailea indarrean dagoenetik. Tartean, La Revuelta programan Reparazek egindako agerraldia begi onez ikusi zuten askoren erresistentziarengatik. Guk guztiok arantza hori kentzeko ez gaitezen 40 urtera irits.