Aurtengo Nafarroa Oinez Atarrabian izango dugu, urriaren 19an. Nafarroa Garaian urtero ospatzen den euskararen aldeko festarik jendetsuena. Ikastola batek edo bestek antolatzeaz harago, euskararen jai handia baita. Hizkuntza eskubideak eta euskararen normalizazioa aldarrikatzeko eguna.
Antzuak egiten zaizkit azkenaldian gure inguruan ere zabaldu diren eztabaida batzuk eta publikotasuna ulertzeko modu hertsiak. Ikastolen eredua kooperatiboa eta komunitarioa da. Elkarlanean eta elkartasunean oinarritua. Jakina, bada zer hobetu. Baina ez dezagun ahantz Ikastolen sarea eta euskaltegiak direla Euskal Herri osoan euskaraz ikasteko dauzkagun nazio erakunde bakarrak. Eta ez dut euskaltzalerik sekula entzun, nire inguruan behintzat, AEK edo IKA "pribatuak" direla esanez.
Euskararen berreskurapen eta normalizazio prozesuan ikastolek egindako ekarpena agerikoa da. Egin dutena, egiten dutena eta, estatu propiorik izan ezean, egiten jarraituko dutena. Eta uste dut Euskal Herrian, oro har, eta Nafarroa Garaian, are gehiago, guztiok garela ezinbestekoak. D ereduko ikastetxe edo ikastola, handi zein txiki, eremu diskriminatuan egon ala ez, bakoitzak bere alea jartzen duelako.
Oinezak euskaldun eta euskaltzale guztiok interpelatzen gaitu. Igandean Atarrabiara.