Asko idatzi eta esan da, dagoeneko, iragan asteko itzalaldiaz. Teoria konspiratzaileetatik kontu teknikoetara, energia berriztagarriak auzitan jartzetik energia nuklearraren aldeko ahotsetara. Bakoitzak bere zoroa bizi du, interes politiko eta ekonomikoak tartean.
Gaiak oihartzun politiko eta mediatikoa izaten jarraituko du datozen asteotan, antza denez. Egia esan, badago zer aztertu eta zer hausnartu, ikuspegi anitzetatik, gainera. Niri neuri, besteak beste, gizarte moduan izan ditugun hainbat jokabidek eman didate zer pentsatua.
Agian, bat-batean argindarrik ez izateak balio izan digu Gazarekin gogoratzeko, edo etengabeko gerran eta eskasian bizi direnekin. Agian bai. Baina, pandemian bezalaxe, tropelka abiatu gara dendetara, pare bat ordutan ogia, ura eta oinarrizko beste elikagai batzuk agortzeraino. Gure bizimodu erosotik nork bere zilborrari begira jarraitzen dugulako inpresioa daukat, atzetik datozenak kontuan hartu gabe. Agian ez gara uste bezain solidarioak.