Hiru bat aste izango dira nire etxe ondoko supermerkatuan Halloween giroko dekorazioa jarri zutenetik. Kuiak, armiarma-sareak, mamuak, burhezurrak… Haurrengan eragiteak gurasoen poltsikoak errazago askatuko ditu, antza.
Ostegun gauean izango da ospakizuna. Festa, mozorroak, gozokiak… Edozein aitzakia da balekoa ongi pasatzeko, jakina. Are gehiago, umeez ari bagara. Berdin dio jatorriz heriotzari lotutako festa den, garai eta gizarte honetan alde friboloa guztiari ateratzen diogu, eta -neurri batean- eskerrak.
Baina egunotan ezin ditut burutik kendu beste haur batzuk. Palestinakoak. Genozidio krudel honetan israeldarrek inpunitate osoz hil dituzten milaka haur. Eta bizirik egon arren, heriotzaz inguratuta eta arrisku larrian daudenak. Haiek ez dute deus ere ospatzeko. Egunero bizi dute Gau Beltza. Eta burura datorkit ez ote den -ez ote dugun- gure garai eta gizarte honetan hori ere fribolizatzen.