Gutxi aipatzen da Etxepare Euskal Institutuak euskara eta euskal kultura irakasteko irakurletzak dituela munduko hainbat txokotan, eta zer nolako harribitxia den hori gure hizkuntzarentzat. Azken hilabeteotan, Berlinen ibili naiz irakasle-ikertzaile, eta aukera izan dut Berlingo zein Leipzigeko ikastaroetan mintegi pare bat gidatzeko eta bertako ikasleak ezagutzeko.
Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa eta, zehazki, Nafarroako G eredua eztabaidatzen ari ginela, honako ondorioa atera genuen: hein handi batean, euskaraz eta euskal kulturaz gehiago dakite ikasle aleman hauek —horietako askok A2 maila lortu baitute dagoeneko, eta jakin badakite nor den Aresti— Nafarroan G ereduan ikasten duten ikasleek baino. Hau da hau marka, eta zer pentsa eman beharko liguke.