Atharratzetik abiatu eta Bilborako bidea hartu du lekukoak. Hamaika kilometro, hamaika esku, eta bertze hainbertze aldarrikapen. Zer da, ba, Korrika hori ez bada? Askotariko aldarrikapenak, baina elkarri lotuak nonbait: soziolinguistikoak, gizarte berri baten aldekoak. Borroka askok bat egiten dute euskaran. Eta euskara, bistan denez, borroka horietan bizi da. Euskara borrokan bizi delako.
Badago esaten duenik, aldiz, euskara borroka horietatik at kokatu behar dugula. Despolitizatu behar dela, neutroa izan behar dela, edo halako zerbait. Baina euskarak biziraungo badu, honela izanen da: bi urterik behin, karriketatik oihuka eta aldarrika; urteko borroka guztietan, borroka soziolinguistikoak izan ala ez, euskara gure eginez. Euskara, bake truke salduta, badakigu nora doan, eta gure hizkuntza saltzeko ez gaude prest.