Azken hilabeteotan, irakurle taldeen loraldi bat ikusi ahal izan dugu Euskal Herrian: Iruñerrian, Gasteizen, Abadiñon, Hernanin… Gainera, bistan denez, bultzatzaile eta parte hartzaileen gehiengoa gazteak dira. Eta zer nahi duzue esatea, irakurketarekin kezkaturik dagoen irakasle gisa, berri bikaina iruditzen zait. Bikaina ez bakarrik irakurketarako interesa beragatik, baizik eta planteatzen ari den moduagatik ere. Batetik, irakurgaien hautaketa eta kalitateagatik: fikzioa, poesia, marxismoa, klase-borroka, internazionalismoa, klasikoak, euskal literatura. Saio guztietara joateko gogoa pizten dute, sinets iezadazue. Bestetik, doako aisialdia izan ez ezik, politizaziorako espazio ere bilakatzen direlako, instituzioen atzaparretatik at eta oso modu kritikoan. Eta, noski, gehien-gehienak euskaraz egiten direlako: irakurketa, eztabaida eta euskara. Tira, balorean jartzekoa iruditzen zait, eta espero dezagun horrelako gehiago loratuko direla beste hamaika txokotan. Dena ez dago galdua.