Gureekin ahaztu, eta besteenak goraipatu

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Santamaria Sorbet

‘Crims’ telesailaren enegarren denboraldia aurkeztu du Carles Porta kazetariak. Ospe handiko telesail honek Katalunian gertatu diren krimenak ditu hizpide. Luma fin eta ahots lasai batek gidatzen du telesaioa, Portarenak, alegia. Arrakastak Kataluniako mugak gainditu ditu, eta nazioartean zenbait plataformek erosi dute.
Gure txikian ikus-entzunezkoen industriak egoera latza bizi du. Pantailak Euskaraz-ek 2024an ekoiztu ziren filmen %1,6  bakarrik euskaratu zela salatu du. Hori marka. Primeran plataformak, gainera, ez du hutsunea bete: euskal fikzioa elikatzeko sortu zen, eta, momentuz, ez du lortu. 
Euskal produkzio bat dakart gaur: ‘Krimenak’. Gutariko askok Carles Portaren telesaila entzun edo ikusiko genuen. Nork  ikusi du ‘Krimenak’, ordea? Xabier Madariagak gidatzen du, eta Euskal Herriko mugetan gertatu diren hilketak jorratzen ditu. 
Ezer gutxi ikusi, eta apenas entzun dut honen berri. Ez telebistan, ez eta irratian ere. Berez,  Primeranek ikusle gutxi ditu. Marketing eta publizitate kanpaina egokia egin ezean, zaila izanen da plataforma horretan ematen den produkturik ikustea. Izan ere, Portak ez du soilik telesailaren muinean asmatu, atzetik publizitate estrategia izan du.
Badugu zer ikasi, dudarik ez. Arlo askotan, gainera. Dena den, gai honen inguruko gauzarik inportanteena instituzioen  inplikazioa, apustua, babesa, laguntza, diruztatzea izanen da. Azken hori, baliteke garrantzitsuena izatea, baina aurreko guztiak ez badatoz, gureak egin du. Dirua bai, noski; babesa, hedapena, laguntza eta inplikazioa ere bai.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!