46.565. Egiari zor, hirugarrenez grabatzen dut hau. Aurreko bi saiakeretan trabatu egin bainaiz Ez zara oso azkarra izan behar zertaz ari naizen asmatzeko, zer esan nahi duen zenbaki horrek asmatzeko. Bai, hori da. Horretaz ari naiz, justuki. Gaur gaurkoz 46.565 hildako eragin ditu Israelgo estatu genozidak. Edo, gordinago esanik: 46.565 pertsona hil ditu Israelek. Eragin motz gelditzen zitzaidan. Hil. Bortizki hil.
Beste hainbat zaurituak izan dira; desplazatuak ere, asko. Gaza suntsitu dute. Bere osotasunean, izkina oro. Ospitaleak ere bai. Gure hiztegi aberatsak hitz bat du hori guztia definitzeko: genozidioa. Beste edozein hitz motz gelditzen da. Beste edozein hitz erabiltzea eskapu egitea da. Zuzenean bizi izan dugun genozidioa, gainera.
Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko liburuak Balkanetako gerra-kriminalen auziak ekartzen ditu. Gerora, Krstic edo Milosevic gerra-kriminalak epaituak izan ziren, eta modu berean Netanyahu and company ere epaituak izango dira. Baina zein preziotan? Ez al dira 46.000 hildako nahikoak? Trump, Netanyahu, Meloni, Orban…, faxismoa ate-joka dugu.
Nola jarriko diogu honi guztiari frenoa? Zer kontatuko diegu gure bilobei?