Ez etorri

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Aramendi 2021ko eka. 11a, 12:03

Estreinatu da Kamala Harris, AEBko presidenteordea, goi-mailako politikagintzan. Eta, itxura denez, ez dira gustura geratu haren fanak bere mezuarekin. Ezta ere bera harrera horrekin. Ez dakit, zerbait hobea esperoko zuen.

Guatemalara eta Mexikora egin du lehen bidaia, eta migrazioak ziren, noski, hizketa-gai potoloa. Eta oso argi, argiegi, esan die herrialde batekoei zein bestekoei, eta zeharbidez ertamerikar guztiei: "Ez zaitezte etorri Estatu Batuetara".

Noski, baten batzuek pentsatu dute bere garaian Kamalaren gurasoei horixe bera esan bazitzaien, eta haiek horri men egin bazioten, Kamala gaur egun ez zela AEBetako presidenteordea izango. Eta ez zela existitu ere egingo, ziurrenik.

Beste batzuen kritika izan da ea uste ote duen sorterria utzi eta Estatu Batuetara joatea, apeta edo gutizia moduko zerbait dela, beste edonora joan edo etxean gera daitezkeenen ateraldia. Eta izan dira kritika landuagoak ere.

"Dei-efektuaren" asmakeria sinesten duenak pentsa dezake kontrako mezua oso altu esatea nahikoa dela giza-migrazioak geldiarazteko, miseriaren goraldi betean. Nork bere propaganda irentsi ez ezik sinesteak horrelako estropezuak ekartzen ditu, Harris andrea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!