Elefanteak

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Aramendi 2021ko eka. 4a, 11:27

Munduko herrialde handiena adi baino adiago daukan gertaera da. BBC eta NYT neurritsuek ere kasu egin diote jada. Munduan ia ezer larriagorik gertatuko ez balitz bezala. Eta badu bere mamia, ez pentsa. Txundigarria eta ikusgarria behintzat bada.

Txinako Kunming hiritik 20 kilometrora daude hamabost elefante asiar basati. Bostehun kilometro baino gehiago egin dituzte, tipi-tapa, duela 15 hilabete Yunnan hegoaldean bizileku zuten natura-gunetik irten eta iparralderantz abiatu zirenetik. Sei eme, hiru ar, hiru nerabe eta hiru ume. Txikiena, sei hilabetekoa, bidean jaioa.

Ehunka biologo, basozain, polizia eta suhiltzailek urrutitik baina uneoro zainduta. Dozena bat drone gainean dituztela, egunez eta gauez zelatatzen. Artasoro eta abarretako kalteak kalte, orain arte lortu omen dute gizakien eta elefanteen arteko talkak saihestea. Errepideak itxi, etxolak hustu eta herrixketan etxeratze aginduak ezarriz bada ere. Kunmingen, ordea, 8,5 milioi pertsona bizi dira.

Gizakiek ez elefanteek non eta noiz amaituko den ez dakiten ibilaldia da nonbait. Baina, hala ere, iritzi publikoa, eta agintea, elefanteen alde daude. Behingoz. Ikuskizuna haiek ipintzen dutelako, beharbada.

Abu Dhabikoa zaindu beharko dugu guk.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!