Samuel Johnson, XVIII. mendeko idazle ingelesarena da esaldia: "Abertzaletasuna da edozein gizatxarren azken babeslekua". Hamaika horrelako bota zuen. Txolarte dibertigarri bat pasatu nahi baduzue, joan zaitezte haren aipu-bilduma batera. Bestela, serioago, arakatu dezakezue euskararekiko zuen jakin-mina. Edo haren beste mila lanetako edozein. Gizatxarra ez zen izango, baina bai apareju ederra, Johnson hura. Eta abertzalea, koanto.
Bada aipu huraxe bururatu zait hamaika aldiz egun hauetan Ceutako gorabeheren harira batzuen eta besteen ateraldiak entzun ditudanean.
Baina denen gainetik, plantak egitera bertaraino joan den batenak, abertzale espainiarra, bai horixe. Samuel Johnson ez ezik, hark gogorarazi dit oraindik ez dakidala nondik atera zen bere alderdiak, oraindik taldexka bat besterik ez zenean, jaso zuen milioi dolar hura.
Ziur dakidana da, alde batetik, diru hura atzerritik jaso zuela. Eta bestetik, Maryam Rajavik ez duela milioi bat dolar bere bizitza osoan ikusi. Ba ote saltsa du horrek zerikusirik talde ezin espainolago horrek Saharari buruz darabilen jarrera marokozale huts-hutsarekin?
Gizatxarrekin, horrelakoak ere gertatzen dira eta.