Haserrea

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Aramendi 2021ko mai. 14a, 11:56

Ondo dago noizean behin haserretzea. Motiboa sendoa denean, batez ere. Eta Irungo udaltzain izateko oposizioen inguruan EAEko Auzitegi Nagusiak eman duen epaiaren motiboa potoloa da. Haserretu gaitezen, beraz.

Baina ez dezagun esan berria, ezustekoa, aurrekaririk gabekoa dela hori. Beraz, haserretzeak ez luke nahikoa izan behar.

Irakurri dudanaren arabera, lotsagabekeria besterik ez du apartekoa epai berri horrek. Argi eta garbi esatera baitator herritar euskaldunon eskubide linguistikoak ez direla existitzen, eta elebakar batzuen ezjakintasun-eskubidea ukiezina dela. Zergatik? Haiek direlako nagusien hizkuntza dutenak eta besteok garelako morroien, indioen hizkuntzakoak. Benetako supremazismoa zer den ikasi nahi duenarentzat.

Legeak beste era batera egin behar liratekeela, esango dit baten batek. Legeak nahierara interpretatzen dituzten epaileengan dagoela korapiloa, esango dit besteak. Ez zaie arrazoirik faltako, biei hala biei.

Baina, aspaldi, duela 2.400 bat urte, Shang Yangek esan omen zuena datorkit niri burura horrelakoetan. "Agintzen duenaren borondatea da legea".

Eta euskal hiztunon arazoa da aginpiderik ez dugula. Eta hori ez du haserreak konpontzen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!