Ez da egunik aproposena izango gaurkoa Ajuria-enera kopla berriekin joateko; baina han ere norbaitek aintzat hartu behar lituzke Jerseytik datozkigun berriak.
Berri-berriak ez direnak, egia esan. Duela hamarkada batzuk, ezagutu baikenituen horrelakoak.
Kontua da ja Europako Batasunetik kanpo dagoen Erresuma Batuak Mantxako Itsasarte inguruan arrantzuan aritzen diren Normandia eta Bretainiako ontzi frantsesei ataka estua ezarri diela beren jardunerako: gutxiagok, gutxiago eta gutxiagotan egin ahalko dute arrantzuan hemendik aurrera. Eta, noski, ez dira pozik geratu arrantzaleak.
Protestan, Jerseyko portua blokeatu egin dute Frantzia iparraldeko ontziek hainbat orduz. Eta Erresuma Batuak itsasontzi militarrak bidali ditu haien kontra. Eta Jerseyko irlari elektrizitatea ematen dion kablea indargabetzeko mehatxua egin du Frantziak. Eta... Horrelakoak izan genituen jada 60 eta 70eko hamarkadan geuk ere.
Gure arrantzaleak, oraindik ez, baina berandu gabe aurki daitezke antzera. Beraz, Kobaronera eta Castrora begira bizi diren batzuek, handik iparraldera dagoen putzu handi horri ere kasu egiten hasi behar lukete.