Burkina Faso gutxi gorabehera non dagoen gogoratzeko edo, agian, lehen aldiz ikasteko, balioko zien askori Beriain, Fraile eta haien lankideen hilketak. Munduko ugaztun handienen ehiza kriminalaz zerbait adituko zuten arreta gehien ipini dutenek. Sahelen insurgentzia islamistaren gorakada egiaztatuko zuten saiatuek...
Baina ia inork ez zuen fitsik entzungo Thomas Sankarari buruz... ia hedabide bakarrak ere ez baitu aipatu hura. Ez da erraza, ordea, Burkina Fasori buruz hitz egitea Sankara aipatu gabe. Besteak beste, berak eman ziolako izen hori herrialdeari.
33 urte joan dira hark lagun uste zituenek tiroz josi zutenetik. Hiltzaileen buruzagia zen Blaise Campoarék 27 urte eman zituen ondoren agintean, bere adiskidea omen zen Sankararen kontra-kontrako politikak eginez, bai barnean eta bai kanpoan. Inork ez du ukatzen gaur egungo Burkina Fasoren egoera etsigarria, Campoaréren eta haren aitaponteko mendebaldarren herentzia dela.
Sankararen herentzia, aldiz, beste kontinente batean agertuko zen geroxeago. Eta Thomas Isidore Sankararen izena baino askoz ezagunagoa egingo zaie gehienei Hugo Rafael Chavez Fríasena.