Garuna

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Aramendi 2021ko api. 16a, 11:34

Gogoratuko duzue duela lau aste, Suezeko kanalean gurutzatuta utzi genuela Ever Given ontzi tzarra. Mugiarazi eta abian jarri zuten azkenean. Baina ez da urrutira joan.

Aurreikusi bezala, edukiontziez betetako erraldoia libratu zutenean, Laku Garratzetako zabalgunera eraman zuten, kalte seriorik ba ote zuen ikusteko. Antza denez, Ever Givenek ez du matxurarik. Baina han jarraitzen du... eta jarraituko du luzaro. Beharbada, herdoilak jaten duen arte.

Egiptok ez dio joaten uzten, ontzi-jabeak ez dituelako erreskate-lanak aurretiaz ordaindu nahi. Seguruenera, hark esango du portuko gidari egiptiarraren hutsegiteagatik gertatu zela istripua. Edo egiptiarra zela haize-bolada. Edo... 800 milioi dolar ez dauzkala oraintxe bertan poltsikoan.

Baina Egiptok ere ezingo ezer egin ontziarekin, ezta haren edukiarekin ere. Legearen eta hustu ezinaren halabeharrez. Beraz, batek daki zenbat ehunka edo milaka milioiren balioa duten ontzia eta hark daramatzan edukiontziak hantxe geratuko dira, usteltzen, iraungitzen, herdoiltzen...

Duela hilabete gertatu zenak erakutsi zuen munduko merkataritzaren arteriak oso kalteberak direla. Geroztik gertatzen ari denak erakusten du sistema horren garuna zentzatuko duenik ez dagoela.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!