Txertoen kontu horrekin kezkatuxe nabilelako izango da. Baina aitortu behar dut argazkia lehendabizikoz ikusi nuenean, duela hiru egun, esan nuela neure artean: "Aiba, hori bai tronboa!".
Argazkia, noski, Ever Given itsasontzi erraldoiarena zen, Suezeko kanalean alderik alde gurutzatuta. Han jarraitzen du oraindik; eta ez omen da ahuntzaren gauerdiko eztula izango hura berriro ibilian jarri eta munduko merkataritzaren arteria hura bere onera ekartzea.
Medikuntza analogietatik harago, gai horretan nik baino mila aldiz gehiago dakien batekin solasteko aukera izan nuenez egun hartan bertan, istripuaren zergatien bila aritu ginen. Eta hara non, betiko gaizkileetako baten juzgu eginez amaitu genuen: "Paraje horretan ia bat batean etortzen dituk basamortutik harea-haize bolada bortitzak. Egizak kontu 12-15.000 metro karratu inguruko alboa erakusten diola munstro horrek; eta makinak huts egin bazion...".
Ever Given horrek daramatzan kontainerren balizko balioa kalkulatzeari ekin genionean, amore eman behar izan genuen. Kanala itxita egoteak, 10.000 milioi inguruko galera sortzen duela egunean, irakurtzen nuen oraintxe. Eta petrolioaren prezioa igoarazi omen du jada.
Tronboa? Baita iktusa ere.