Gelan zegoen, dagoen elefantea baten batzuek suma dezaten balioko zuen, beharbada, Juan Alberto Perotek eta Pedro Gómez Nietok duela 35 bat urte egin eta orain entzun ahal izan den solasaldiaren grabazioak. Torturaren elefantea. Aspaldi batean, Henri Alleg-ek, zuzenean ezagutu izanaren eskarmentuarekin, eta Sartreren bozgorailuarekin, La Question deitu zuen hura bera. Bueno, Erdiaroan ere horrelaxe deitzen zen... Torturatuz galdekatzea.
Mikel Zabalzaren azken arnas-estuak, Lasa eta Zabalaren azken ordu-minutuak nolakoak izan ziren jakiteak ez dakit asaldaraziko ote zuen lehendik asaldatuta ez zegoen inor. Izan ere, kuestio horren aurrean, batzuentzat nahikoa da beraiei ez zaiela helduko sinestea. Edo 1957ko frantses askori gertatuko zitzaien bezala: "Guy Mollet sozialista buru eta Mitterand justizia ministro duen gobernu batek nola erabiliko ditu bada horrelako metodoak?". Bejondeiela.
Galdera zuzena bestea da, noski: audio horretan entzuten direnak egin, edo eginarazi, edo egiten ikusi, eta hotz-hotzean, baina ahapeka bakarrik, kontatzeko gai denak, nola ez dizu bada gezurra esango? Dela Massu, dela Galindo, dela Mitterrand, dela González...
Horregatik, elefantea ez dutela ikusten esatea nahiago dute askok.