Gaur, ilargi berriarekin, Saguaren urtea amaitu eta Idiaren urtea hasiko da gizateriaren heren batentzat. Beno, Idiarena deitu diot, baina Behiarena, Zezenarena, Bufaloarena... esan liteke.
Urteen jarraiera nola izan behar zuen erabakitzeko, zeruetako jainko batek lasterketa antolatu omen zuen hamabi animaliaren artean. Baina jainkoak beti gaizto samarrak direnez, ibaiaren beste aldean ipini zien helmuga. Eta tigrea, erbia edo zaldia bezala, azkarrak baino azkarragoak zirenek ere han galdu zuten abantaila. Bufaloak, ordea, tapa-tapa zeharkatu zuen ibaia. Baita saguak ere, haren kopetan eserita. Eta beste ertzera iristen, bai traidorea, salto egin eta irabazi egin zuen lasterketa saguak.
Saguari baino mesede handiagoa egin zigun ordea idiak gizakioi. Jainkoek bidali omen zuten gizakiontzako mezu batekin: gogotik lan egiten bagenu, hiru egunean behin otordua ez omen zitzaigun faltako. Idia nonbait nahastu egin zen, eta azkenean mezua izan zen, lan egiten bagenu, gizakiok egunean hiru otordu izango genituela. Jainkoek, haserre, idia zigortu egin omen zuten, baina haren promesari eutsi egin omen diote.
Ez dakit den-denak egiak ote diren.