Halabehar bihurriagatik edo, zientziaren eta jakintzaren aurrean kristautasunak har ditzakeen ikuskera kontrajarrienek, pertsona-izen berbera har dezakete: Tomas.
Alde batetik, Tomas apostolua edo Didimoarena. Kristoren pizkundeaz, "ikusten ez dudan arte, ez diat sinetsiko" esan omen zuen hura. Estimazio handia diot nik Tomas horri, eta ez bereziki txistor-zalea naizelako: gure aitona zena gogorarazten dit, esaten zigunean, "ez hadi inoren aurrean ahozpez jarri, ez duk ezer ikusten eta".
Beste Tomas, Akinokoa, izango litzateke haren ifrentzua. Idiek hegan egin zezaketela sinesteko prest omen zegoen, bere jakituria guztiaren gainetik, ziria sartzen ari zitzaion fraidea gezurretan ari zitekeela sinetsi aurretik.
Ez dakit Eliza erromatarrean haren izenera jarrita dagoen egunean egin zelako bilkura edo, historia garaikideko astakeriarik larrienetako bat egin zuen munduko lehen potentziak atzo urtebete Tomas Akinoko horren egunean. Trump administrazioak deliberatu zuen ordurako Txinan gartuta zegoen izurritea ez zela batere arriskugarria Estatu Batuetantzat; eta ekonomikoki onuragarria ere izango zitzaiola.
Bejondeiela.