Badut lagun bat serio baino serioago teorizatzen duena gure politikagintzan, amen seme-alaba arruntez gain, hiru klasetako gizakiak daudela: jordaniarrak, letetarrak eta venustarrak. Azalduko dizuet beste batean zein liratekeen lehen bi kategorietakoak. Venustarrez hitz bi egingo dut gaur.
Voxeko jendea litzateke venustar tipikoa. Hau da, jainkosa hura bezala, amagandik ez baizik itsasoko kresaletik edo jaiotakoak. Boticelliren koadro gogoangarrian ikus litekeenez, gainera, heldu-helduta munduratzen dira. Eta gurasoen eta arbasoen hobenek eman ohi duten lotsaizunik gabe, jakina.
Itsasoko kresaletik jaiotakoak direlako edo, Voxek auzitara eraman nahi du, zein eta Covite, honen web-orrian terrorismoarekin zerikusia luketen gertakariekin lotzen omen dutelako alderdi ultraeskuindarra. Eta hara, jaio baino askoz lehenagoko ekintzak hurkoari leporatzeko erreparorik ez dutenek, beraiek ofizialki sortu baino lehenagoko zerbaitekin lotzea delitutzat jotzen dute.
Bueno, ez dira Voxekoak gure politikagintzako venustar bakarrak. Agian, bai ordea lotsagabeenak.