Honaino iritsi da Australiako espantua. Merezita, agian. Izan ere, ofizialtasun osoz han argitara eman den hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula: Australiako armadako indar berezietako soldaduek dozenaka zibil, errugabe, armagabe, tolesgabe hil zituztela, hotz-hotzean, Afganistanen ibili ziren aldian, 2005 eta 2013 artean. 39 behintzat zalantzarik gabe dokumentatuta. Armadako ikuskatzaile orokorraren txosten potoloak dioenez. Gosaria kontrako eztarrira joanarazteko modukoak dira xehetasunak. Argitaratu direnak. Armada modernoak ere mara edo sikario uniformedun hutsak ez ote diren galde eginarazten dutenak.
Optimista zentzakaitzen batek esango dit, agian, izugarrikeria agerian ipini izanak behintzat erakusten duela kontrol batzuek funtzionatzen dutela. Ez dakit. Gertatu zirenean, hilketa horien aztarnarik ez zuten ikusi kontrolatzaileek. Urteak igarota, hedabideetan agertzen hasi zirenean abiatu zen ikerketa. Eta ezkutuan geratuko direla okerrenak, ematen du.
Galdera bat datorkit burura: australiarrak izan ote ziren horrelako basatikeriak egin zituzten bakarrak? Afganistanen bertan, urrutiago joan gabe.