Bizantzio

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Aramendi 2020ko urr. 30a, 11:46

Fama makurra du gure artean Bizantziar Inperioak. Baina ez  leporatu liezazkiokeen astakeriengatik, ez. Baizik haren ustezko efizientziarik ezagatik. Teoriak arazo praktikoen gainetik ipintzeagatik. Ez du horrek egia itxura handirik, gogoan izaten badugu mila urte baino gehiago iraun zuela inperio hark. Baina otomandar armada harresiaren aurrean zuela ere, aingeruen sexua zein ote zela eztabaidatzen zela Konstantinoplan dioen asmakeria errotuta geratu da gure buruetan.

Ez genuke horrelako isekarik egin behar Bizantziori buruz. Begira: aurtengo otsailaren 7a zen. Trumpek izurriteaz Woodwardi "hau kristorena duk" esan zion eguna. Goiz hartan Xi Jinping-ekin hitz egin zuelako, eta hark esango ziolako, jakina. Egun hartan, Txinak 3.400 kasu berri eta 85 hildako iragarri zituen. Izugarria zirudien orduan.

Bada egun hartan bertan Gasteizko Legebiltzarrean, gogotik, serio eztabaidatu zuten izurriteez biltzarkide batek eta sailburu batek. Baina zakur eta abarren amorreriaz. Inork ez zuen aipatu ordurako Covid deitzen hasita zegoen hura. Eta orain dakigunez, ordurako gure artera iritsita zegoena.

Bizantino samarrak izan gara, ezta?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!