Estatuak

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Aramendi 2020ko eka. 12a, 11:30

Modan jartzen ari da estatuak pinturaz basitu eta, ahal bada, lurrera botatzea. Edward Colston esklabu-merkatariarena bota zuten portura lehengoan Bristolen, eta Kolon eta abarrenak  ere halatsu ibili dira beste leku batzuetan. Estatu Batuetatik datorrenez bolada, litekeena da gurera ere heltzea, beste gauza askotan bezala. Eta hartara, zorte pittin batekin, desager daitezke gure kale-bazterretan duintasun estetikoa eta egia historikoa etengabe iraintzen duten itsusikeria horietako batzuk bederen.

Ideologia-kontuetan sartu gabe ere, arbuio estetikoa sorrarazten baitidate horrelako gehienek. Bekatua baino zatarragoak izaten direlako ia salbuespenik gabe. Eta ondoren, tentuz begiratzeko barrena izaten baduzu, eta egia historikoari erreparatzen hasten bazara, zeure buruaz beste egiteko gogoa sartzen zaizu, noski, egilea ez duzulako eskura lepoa bihurritzeko.

Artefaktu horiek bere horretan uzteko arrazoi serio bakarra da haien inguruko gehienengandik jasotzen duten erabateko indiferentzia. Eraikitzaileen asmo doktrinatzailearen porrota ondo baino hobeto erakusten duena. Kale-izendegiarekin ere gertatzen da. Baina latzagoa da hori eta ekin behar genioke serio egunen batean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!