Joan den astean gertatu da. Gure hautaprobaren parekoan, alegia, unibertsitatera sartu ahal izateko proban, Hong Kongeko ikasleei, historiako azterketan, galdetu zaie : "Ados al zaude Japoniak kalte baino mesede gehiago egin ziola Txinari 1900 eta 1945 arteko aldian?".
Dirudienez, baiezkoa izango litzateke aztertzaileek hobetsiko luketen erantzuna, kontuan hartzen badugu ikasleei, erantzuteko lagungarrien artean, aipatzen zitzaizkiela garai hartan Japoniak Txinari emandako maileguak edo abian jarritako unibertsitateak. Eta aipatu ere egin gabe geratzen zirela okupazio militarra, Nankingo sarraskia eta gainerakoak, milioika hildako utzi zituen gerra, eta antzeko huskeriak. Sekulako iskanbila sutu da, noski, Txinan...
Utz ditzagun bertakoentzat Asia Ekialdeko iraganari lotutako gaur egungo gatazkak, ideologikoak eta bestelakoak. Deigarriagoa baita zer irakurketa egin den gaiaz arduratu diren Mendebaldeko hedabide bakanetan. Hong Kongeko hezkuntza librea baldintzatu nahi duela auzoko erraldoi despotiko gaiztoak, gutxi gora behera.
Aukera banu, gustura egingo nuke froga, eta Espainiako hautaprobarako galdera berbera ipini, Japoniaren ordez Frantzia, eta urte-tartea 1808-1813koa, beste aldaketarik gabe. Total, askoz aspaldiagoko kontuak, eta samurragoak, izango lirateke...