Billy

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Aramendi 2020ko mai. 8a, 14:25

Billy ere hil omen du izurriteak. José Antonio González Pacheco zuen izena gure Billyk, baina bere txarkeriak, asko eta larriak, legearen alde egindakoak zirela pentsatuko zuen berak. Agian, ez zituen gaiztakeriatzat ere joko, askoren oinazea eta heriotza ere ekarri zutenak izan arren. Egin beharrekoa egin zuela, esan du bera bezalako gizatxarren batek. Sariz eta dominaz josi zuten gainera, Polizian eman zituen urte bakanetan, eta nahiko patxadaz bizi izan da harez geroztik atzo arte. Garai eta leku bertsuetan bizi izan garen arren, herri ez gizarte berekoak ez garela esango nuke.

Torturatzaile bokazionala zela irakurri diot norbaiti. Ezin dut lehen eskutik hitz egin, baina baditut bigarren esku oneko testigantzak, eta baietz esango nuke. Bada, gainera, lekukotza literarioren bat, aurkakoa izan behar ez lukeena, eta ezin hobeto islatzen duena hori bera.

Patuaren sarkasmoak nahi izan du egun bertsuetan eta arrazoi bertsuarengatik heriotzean elkartu direla bizitzan ere hurbil ibilitako hiru: Chato Galante, Billyren biktima bere garaian, eta haren pertsegitzaile saiatuena gero; Teresa Rilo, Billyren sikario serioena izan zen J.P. Cheriden alarguna, eta haien lekukotasunik osatuena eskaini duena; eta Billy bera. Eta urruti gabeko beste batzuk ere joan dira.

Ezin dena malko izan, izurritean ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!