"Ez nian uste erraiten ziela aitunen semek gezurrik", zioen Bereterretxen khantoriak. Egunak daramatzat, neure itxituran, haren parafrasia entzuten buruaren barrenean: ez nian uste sentituko nuela Estatu Batuez errukirik...
Baina iritsi da hori ere, agidanez. Estatu Batuez errukia sentitzeko eguna. Ondorengo 24 orduetan, Amerikako Estatu Batuek, 330 milioi biztanle, aurrea hartuko diote Covid19-ak kutsatuen kopuruan, 1.400 milioi biztanle dituen Txinari. Eta baita marka guztiak hausten ari den Italiari ere, seguruenera. "Lehenak izan behar dute edozertan", esaten dit albotik sarkastiko batek. Honetan sarkastiko izatea kosta egiten zait, ordea, Estatu Batuak izanda ere. Errukia nagusitzen zait.
Batez ere, Apokalipsiko zaldi horren hankapean ez direlako aurkituko, beste hamaika bilaukeriaren artean, izurrite hori taxu minimo batez kudeatu ez izanaren erantzule zuzen-zuzenak direnak. Etxe Zuriko Jaun Kunti gezurti hori, esate baterako. Osasun-babes txikiena ere ez duten milioika estatubatuarrek jasoko dute harria.
Ez nian uste, baina hala da: erruki ditut.