Bisurtea

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Aramendi 2020ko ots. 28a, 13:11

Mikel Aramendi

 

Ez dio huts egin bisurteak bere gaizto famari. Nolako otsaila joan den, arraioa! Eskerrak ez dituen 30 edo 31 egun! Edo saguaren urtean sartu garelako ote da?

Etxekoak etxeko, mundu mailan gogoangarria bihurtzeko bidean doa aurtengo otsail bisurtea. Pandemia deitu edo izurrite arruntean geratu, XXI. mendea Erdi Arotik horren urruti ez dagoela gogoraraztera etorri da Covid19 gaitza. Eta, konplexutasunarekin batera, gure munduak hauskortasuna ere biderkatu egin duela.

Munduko ekonomia dago orain hausteko zorian, milioika pertsonen egunerokotasunarekin batera. Batzuentzat, gainera, bizitzaren haria ere eten da ja, edo etengo da.

Munduko bigarren ekonomiak, Txinak, oraingoz zenbatzen oso zaila den kostuarekin menderatu duela bere izurritea ematen du. Hirugarrena, dela Japonia edo, nahiago baduzu, Europar Batasuna, ari da oraintxe kinka horretan bertan murgiltzen. Eta ez dakit lehenak, Trumpen Estatu Batuek, uste ote duen harrokeriaren txertoak balioko diola.

Gero eta ulerterrazagoa egiten ari zait XIV. mendeko hura.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!