Iritsi da eguna eta. Brexitarena. Bart gauerditik, Erresuma Batua ez da Europar Batasuneko kidea.
Ez da mundua amaitu, ezta? Bere garaian iragarri ziren katastrofe apokaliptiko haiek ez dira gauzatu. Ezertxo ere ez dela aldatu pentsatu behar al da?
Ezta gutxiagorik ere. Benetan, egun historikoa da gaurkoa. Esango nuke 1973an Erresuma Batua batasun-kide bihurtu zenekoa, edo 75ean hori bera erreferendumez onetsi zuenekoa baino egun historikoagoa dela. Eta gutxienekoa da oraindik mila gauza geratzen direla alde bien artean negoziatzeko.
Gaurkoari historikotasuna ematen diona, nire ustez, besterik da: nazio batek (nazio ingelesaren erabakia baita Brexita; Erresuma Batua deritzon estatuaz jantzita egiten bada ere) utzi egin du batzuen ametsetan Nazioen Europa harmoniatsua izan behar lukeena.
Harmoniatsua baino gehiago hierarkikoa dela ohartu delako, esango nuke. Eta hierarkia horretan, goreneko postua, luzaro, beste batek izango duela konbentzitu delako.
Horrek ekarriko ditu aldaketa asko eta sakonak, Europa osoan, epe ertain eta luzera.