Donostiar petoei kostatu egiten zaie sinestea zeruan omen duten Sebastian hori ez dela sukaldarien patroia, ezta soldaduena ere, edo uniformeak egiten dituzten jostunena. Harginen patroia dela. Harginak Donostian?
Eta esaten diezunean, gainera, izurriteen aurkako babeslea dela, gutxiago ulertzen dute. Harginak izurriteekin, zer dela eta?
Tafallako kasuari heldu behar izaten diot nik, orduan. Eta kontatu nola XIV.-XV. mendean eraman zuten hara Goierri aldeko harginek orain Tafallako patroia den Sebastian horren debozioa.
Zer egiten zuten han Goierriko harginek? Besteak beste, harresia. Izurri Beltzari, eta haren ondorengoei, aurre egiteko garai hartako baliabide ia bakarra.
Horregatik, lehengoan, danborren tarrapata entzunez, Wuhango izurritera joan zitzaidan burutazioa. Baina ez nuen imajinatu, une hartan bertan, norbait, Erdiaroko Tafallan bezala, erabakitzen ari zela hiria, Wuhan, 11 milioi biztanle, ixtea. Urte Berriko jaietan.
Saguaren urte oparoa izan dezazula, entzule.