Hauteskunde kanpainak

Erabiltzailearen aurpegia Anika Lujan 2019ko mai. 13a, 13:05

Ez nuen hauteskundeei buruz hitz egin nahi baina hitzak beraiek bakarrik atera zaizkit. Nik ezin izan ditut kontrolatu. Izan ere, hauteskunde kanpaina bat besterarekin lotu dut, ia atsedenik hartu gabe, eta etengabeko kanpaina batean murgilduta bizi naizela iruditzen zait.
Egoera intentsoa da hauteskunde kanpaina bat. Estresa eta urduritasuna nagusitu egiten dira, eta nire kasuan behintzat, goizetan esnagailuaren txinirrak esnatzea mirari bat da, jo baino lehen denbora luze ematen dudalako ohean bueltaka. Bizitzak betiko perspektiba galtzen du eta betiko kontuetan zentratzea ez da erraza. Kanpaina bitartean ohiko lanean ere jarraitu behar baduzu, akabo pakea eta deskantsoa.
Hala ere, adrenalinaren igoera honek bere alde positiboa ere badu, politika gustuko baldin baduzu, pribilegio handia delako prozesu hori barru-barrutik bizitzeko aukera izatea. Eta beste alde positibo bat: niri bizitza luzeagoa egiten zait, ikastolatik atera eta egunaren bigarren zatia hasten delako, beraz, egun batean bi egun bizi izaten ditut!
Dena den, alde positiboak onartuta ere, 2023. urtera arte lasaitasuna eta egonkortasuna opa dizkiot gure herriari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!