Apirileko hauteskunde orokorrek eszenatoki berri bat ireki dute Nafarroan, maiatzean Alderdi Popularra eta UPN elkarrekin aurkeztuko direlako, bai Parlamentuan eta baita udaletan ere. Erabaki honen atzean dagoen estrategia argi ikusten da. Alde batetik, Alderdi Popularrak Nafarroako Parlamentuan eserlekuren bat ziurtatzen du. Bestetik, Javier Esparzaren lidergoaren ezak protagonismoa galtzen du.
Alderdi Popularrarentzat negozio ona ikusten dut. UPN-rekin batera Madrilera joateak ez die kalterik egingo eta aldiz, hemen, aurreikuspen guztien arabera, ordezkaririk gabe geratu behar ziren Parlamentuan, beraz, zer irabazi badu. UPN-rentzat, berriz, eztabaidagarriagoa da asuntoa. Epe motzari begira beharbada zeozer irabaz dezakete, baina etorkizunari begira, ez dakit nik oso estrategia ona den Gürtel eta ustelkeriaren alderdiari lotuta egotea, gero eta nabarmenagoa den PP-ren zentralismoa eta autogobernuarekiko kontrako posizioak ahaztu gabe. Dena den, egia da UPN ez dela fin ibili gure autogobernua sustatzeko lanean, eta orain dela 10 egun Senatuan gertatu zena, adibidez, gorritzeko modukoa izan zen. Testuinguru honetan, larunbateko erabakia beste pauso bat izan zen, kualitatiboki oso garrantzitsua. Eta bitartean, zer dio PSN-k?