Gizartean gauza batzuk ez dutela ongi funtzionatzen badakigu, eta aurreko egunean Vigo-ko Unibertsitatean gertatu zenak ideia hau baieztatu egiten du. Unibertsitateko ikasle bat bere amarekin joan zen azterketa bat berreikustera, irakasleak jarritako notarekin ados ez zegoelako. Irakaslearen bulegoaren barruan zeudela, eta amak lagunduta, gazteak, euritako batekin, irakaslea jo eta sudurrean zauri bat egin zion.
Irakaskuntzan aritzen garenok asko dakigu erasoei buruz. Eraso fisikoak gutxiagotan ematen dira, baina irakasle guztiok momentu batean edo bestean eraso psikologikoak pairatu izan ditugula esango nuke zalantzarik gabe. Gurasoek askotan ez dituzte haien hitzak neurtzen eta ezin dute imajinatu zer min egin ahal diguten.
Baina kasu honetan harritu nauena, erasoa bera alde batera utzita, beste gauza bat izan da. Izan ere, zer demontre egiten du ama batek, unibertsitatean, bere alabaren azterketa baten berrikusketan? Unibertsitateko ikasleek 18 urte baino gehiago dituzte. Ez al da gai ikaslea bakarrik joateko eta bere asuntuak konpontzeko? Zer egiten ari gara gazteekin?