Aurreko astean, Diario de Navarra egunkarian, Milagroko alkateak sinatutako iritzi artikulu bat irakurri nuen. Bertan, UPN-ko alkate honek bere alderdia legealdi honetan erakusten ari den diskurtsoa errepikatzen zuen. Nafar Gobernuak Erribera abandonatuta duela, bigarren mailako eskualdetzat hartzen gaituztela, ez dutela inbertsiorik egiten euskara inposatzeko ez bada, eta halako leloak.
Neketsua da, aspergarria, eta beste aldera begiratzeko gogoa piztuko litzaidake haien estrategia arriskutsuarengatik izango ez balitz. Izan ere, hauxe da botoak lortzeko duten modu bakarra: mezu apokaliptikoen bidez beldurra zabaltzea, Nafar Gobernua Erriberako etsaia izango balitz bezala, eta horretarako batez ere euskara eta euskara ez jakiteak suposatzen duen mehatxua erabiliz. Ideia bat hainbestetan entzun ondoren, batzuk egia dela pentsa dezakete, eta ez dakit horretan beraiek ez ote diren gu baino trebeagoak.
Hiru urte eta erdi mantra horiek entzuten pasatu ondoren, batzuetan eskaera bat besterik ez zait etortzen burura: mesedez, utzi pakean Erribera.