Politika

Erabiltzailearen aurpegia Anika Lujan 2018ko eka. 5a, 08:27

Maiatzaren hasieran erretzeari utzi nion, ETA-ren ibilbideari amaiera jarri zion Kanboko ekitaldiaren egunean. Hilabete pasatu beharrean, lau edo bost izan direla iruditzen zait. Izan ere, Kanboko ekitaldi hura oso urrun ikusten dut, ez dakit nikotina faltagatik edo bizi dugun intentsitate honek gauzarik inportanteenak ere berehala zaharkitzen dituelako.

Nork esango zigun hilabetea zentsura-mozio batekin bukatuko zela eta ia egun batetik bestera Rajoy-k eta Sánchez-ek maletak prestatu beharko zituztela? Eta batez ere, nork esango zien beraiei? Hilabete honetan Podemos-ek ere berea jaso du eta Ciudadanos-en... tira, ez dakit pozik egoteko arrazoirik daukaten. Politikan ezustekoak gertatzen dira, egunero frogatzen dugun bezala: hildakoak ez daude hain hilda, gailurrak ez dira inoren propietatea eta harrokeria ez da bidelagun ona. Gaur toki batean zaude, datorren astean, auskalo... Ez dakigu zer ekarriko diguten datozen hilabeteek, ez eta azkeneko bi urte eta erdi baino egonkorragoak izango diren ala ez. Nik ez dut gauza handirik espero, baina bai uste dudala hemen etxean urduritasuna eta hauteskundeen sindromea nagusitu egingo direla hemendik datorren maiatzera arte.

Momentuz honaino iritsi da zuekin dudan hitzordu hau. Uda zoriontsua opa dizuet, ospatzekoak falta ez daitezen, eta kilo batzuk pazientzia datorren ikasturteari aurre egiteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!