Udaberria

Erabiltzailearen aurpegia Anika Lujan 2018ko mar. 13a, 08:24

Orain dela egun batzuk, zutabe honetan, Estatu mailan irekita dauden fronte batzuk aipatzen nituen, zeintzuk, modu batean edo bestean, jendearen kexkak eta aldarrikapenak islatzen dituzten. Haien artean, pentsiodunen mugimendua eta emakumeon mobilizazioak.

Dagoeneko asko idatzi eta hitz egin da Martxoaren 8-ari buruz. Ni irudi batekin geratu naiz, nire ustez berebiziko garrantzia duena: belaunaldi ezberdinetako emakumeak batera ikustea, borroka bakar batean eskuetatik helduta, emakume gazteek feminismoaren lekukoa hartuta. Martxo honek beste hitzordu garrantzitsu bat ekarri digu, larunbat honetan, pentsioen duintasuna aldarrikatzeko. Martxoak 8-ko argazki bera ikusi nahiko nuke larunbat honetan gure kaleetan. Ez delako soilik jubilatuen asuntua, gure etorkizuna ere egongo da presente larunbateko oihuetan. Baina ez horregatik bakarrik: bizitza osoa lanean eman dutenekiko justizia kontua delako, eta guztion dirua zertan gastatzen den, erabaki politikoa delako. Horregatik aterako naiz larunbatean, eta horregatik espero dut berriro ere kaleak beteta ikustea.

Emakumeok erakutsi dugun batasuna inoiz baino beharrezkoagoa da gizartean ditugun erronkei aurre egiteko. Egun grisak eta euritsuak ditugu hauek, egin diezaiogun tokia udaberriari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!