Què volen aquesta gent? Hauxe da Maria del Mar Bonet-ek larunbatean abestu zuen kanta, Bartzelonan, milaka lagunen aurrean. Abesti hau 1968. urtean idatzi zen, Frankismoren errepresioa eta poliziaren inpunitatea salatzeko. Larunbaterako ongi aukeratutako kanta. Eta ongi aukeratuta, baita ere, bertan irakurri zuten olerkia, Mario Benedettiren Sr. Ministro, de qué se ríe?
Kantaren galdera hori bera noraezen dabilen Alderdi Sozialistari egingo nioke. Zer nahi dute? PSOE-n gauza bat eta kontrakoa esaten eta egiten espezialistak dira, Nafarroan ongi dakigun bezala. Sánchez-ekin eta Sánchez gabe, berdin dio. Baina, zer dauka irabazteko Alderdi Sozialistak saltsa antidemokratiko honetan sartuta?
Benedettiren galdera PP-rentzat da. Bertso batean, Benedettik hala dio ministroari: “Después de todo, usté es el palo mayor de un barco que se va a pique”. Gobernuak, mahai gaineko kolpeen bidez, garaipena lortu nahi du. Itsutasunean murgilduta daude, ez dute ikusten hau ez dela “garaipen ala porrot” terminoetan irakurri behar. Gobernua ez da gai izan altuera politiko minimo bat adierazteko. Egoera eskuetatik joan zaie eta ondorio larriak izan ahal ditu besteontzat ere. Ez dago, beraz, barre egiteko arrazoirik.
Bitartean, gaur beste aste erabakigarri bat hasi da, zenbatgarrena den ez dakit. Zentzutasuna nagusitzen ez bada, Jainkoak konfesatuta harrapa gaitzala!