Pasa den asteak irudi eta hitz ugari utzi zizkigun.
Zaila izango da urriaren 1ean Katalunya-ko kaleetan gertatu zena ahaztea. Herri baten duintasunez hitz egiten dute irudi askok. Gobernu baten gabeziez beste askok. Poliziaren indarkeriaren erabilera beste garai bateko adierazlea zela pentsatzen bagenuen, argi utzi ziguten ezetz. Gauzak ez dira hainbeste aldatu.
Hitzak ere izan dira ugariak egun hauetan, baina Erregeak esandakoek bereziki harritu, kezkatu eta haserretu egin ninduten. Askok pentsatzen dugu Erregeak eta bere familiak maletak prestatu eta Zarzuelatik atera beharko liratekeela, baina zoritxarrez, hori gertatzen ez den bitartean Erdi Aroko instituzio hura jasaten jarraitu behar dugu. Hau gauza bat da. Astearte gauean entzun genuena, beste bat.
Bere diskurtsoan, Erregeak pasa den igandeko indarkeria justifikatzeaz gain, indarkeriaren erabilerari atea ireki zion. Hau oso larria da. Alderdi Popularreko edozein militante izango balitz bezala, Rajoy-ren hitzak bereak egin zituen, eta nik espero ez nuen agresibitate batekin pozoia bota zuen ahotik. Eta ez hori bakarrik. Erregea ez da agente politiko bat, Konstituzioak hala dio, eta horrela hitz egiteko legitimitaterik ez dauka. Monarkia parlamentarioko lehenego mailan ikasten da.
Hau da Felipe VI.a El Preparao (bere aitak dixit) erregeak eskainiko duen jarduna?