Ikasturtea bukatzen ari da. Eskoletan eta jardute askotan abenduko kanpaiek baino gehiago ekainak adierazten du urtearen bukaera. Egindakoa aztertu eta baloratzeko eta hurrengo kurtsorako indarberritzeko unea iristen da.
Euskalerria Irratian ere bukatzen ari da ikasturtea, eta gaurkoa nire azken zutabea da. Pasa den ostiralean kolaboratzaile guztiok elkartu ginen Iruñean, afari batean. Ehun lagun baino gehiago, proiektu honek aurrera jarrai dezan gure aportazioa egiten dugunok, oso modu xumean batzuk eta, ziur nago, ez hain xumea beste batzuk. Afarian nengoela, berriro ere pentsatu nuen (askotan pentsatzen dudan bezala), zer garrantzitsuak izan diren euskaldun eta euskaltzaleon elkartasuna eta konpromisoa “iluntasunaren” urteetan; hainbeste kontra izanik, ero batzuk iluntasunaren atzean zeuden eguzkiaren izpiak ikusteko gai zirelarik.
Nik ere jaso izan dut Argia Ikastolan milaka lagunen elkartasuna, konpromisoa eta maitasuna. Ezin izango nuke jaso dugun guztia bueltatu, ezinezkoa izango litzateke, baina Euskalerria Irratiari eskertu nahi diot kate honetan nire aportazio txikia eta xumea egiteko eskaini didan aukera. Ohore bat izan da niretzat.
Eskerrik asko eta zorionak lortu duzuenagatik!