UPN-ko ordezkariek zenbaitetan gogoratzen dizkigute Uxue Barkosek bere inbestidura-ekitaldian aipatu zituen hitz batzuk: “Hezkuntza gobernu honen obsesioa izango da”. Esaldi honi zentzu zitala emanez, ekimen politikoa arrisku bilakatu dute. Arriskua haien Nafarroa kuestionatzen delako. Ez dutelako urteetan zehar haien sostengua izan den Nafarroa galdu nahi.
Honen aurrean zerbait egin behar dute, eta oposizio eraikitzailea egin beharrean, zarataren bidea aukeratu dute. Nafarroako Alderdi Popularra ere bada honetan aditua, eta askotan Alderdi Sozialistaren laguntza ordainezina izaten dute. Beraiek bai uzten dutela argi zein diren bere obsesioak.
Azkeneko egunotan obsesio hauen bi adibide ikusi izan ditugu.
Lehenengoa: Eremu ez-euskalduna utzi eta mistora pasatzeko eskaera egin dute Nafarroako 43 herrik. Hau ikusita, Zizur Zendeako Udalak eremu ez-euskaldunera igarotzea eskatu du. Zizur Zendean aldaketa hau eskatzen duen gizarte mailako mugimendurik egon al da? Ez. Udalaren osaketa besterik ez da ikusi behar UPN-ren ekimena ulertzeko.
Bigarrena: Bere burua navarrísimo-tzat jotzen duten hauek gure sinboloak defendatzeko “herri” manifestazio bat babesten dute eta parte hartzen animatzen gaituzte. Inolako arriskurik ez daukaten sinboloak defendatu behar ditugu. Eta are navarrísimo-ago izateko, zapi gorria lepoan. Has gaitezen autobusak prestatzen, hurrengoa Xabierren izango da eta.
Eta horrela defendatzen dituzte batzuk gure esentziak. Non zeuden navarrísimo-ak Estatuko Aurrekontu Orokorren negozioaketan?