Hurrengo astean datorren ikasturterako aurrematrikulazioa zabalduko da Nafarroan eta bigarren aldiz, eremu ez euskaldunean eskola publikoan D eredua hautatzeko aukera egongo da. Iazko kanpainaren gabeziak edota hutsuneak gainditzeko asmoz, aurten bai Hezkuntza Departamentua bai Euskarabidea proaktiboagoak izaten ari dira. Gutxi barru, eskaera nolakoa izan den jakingo dugu.
Edozein aldaketak bere denbora eskatzen du eta hau ez da salbuespena izango. Erritmoak ez dira beti denon gustukoak. Batzuen ustez gehiegikeria da Nafar Gobernuko D ereduaren aldeko kanpaina; beste batzuentzat, berriz, motz gelditu da. Nik oso argi daukat zonifikazioa existitzen den bitartean injustizia baten barruan bizi izango naizela, baina bitartean, ongi etorriak euskararen egoera normalizatzeko ematen diren pauso guztiak, fruituak egun batetik bestera ikusiko ez ditugula jakinda.
Izan ere, Erriberan lan handia egin behar dugu euskarari prestigio emateko eta UPNk gizarte mailan utzi duen haustura gainditzeko. Hau da, nire ustez, gure erronka nagusia, beste aldaketa guztien oinarria. Egungo egoerari buelta emateko etengabeko lana egin behar dugu, indarrak eta baliabideak behar handien dituzten eremuetan sartuz.
Honetarako, berriki onartu den Euskararen Plan Estrategikoa oso tresna baliogarria izan daiteke. Ez dezagun aukera galdu.