Hiru aste pasatu dira urte berria hasi zenetik eta, poliki poliki, ohitzen ari gara 6ren ordez, 7 bat jartzen. Horretaz aparte, momentuz aldaketa gutxi ekarri digu urte berri honek. Pelikulan bezala, “Marmotaren Egunean” bizi garela dirudi.
Urtarrilaren 1ean Estambuleko atentatuarekin esnatu ginen eta urteko lehenengo hilketa matxistarekin bazkaldu genuen, Europan Giza Eskubideei bizkarra ematen jarraitzen dugu eta Estatuan boto-asmoari buruzko inkestek Alderdi Popularrari gehiengoa ematen diote berriro. Etxean, UPN-ren kudeaketa txarraren beste adibide bat ezagutu dugu, oraingo honetan Garraioaren Hiria, eta Esparza jaunak apokalipsia iragartzen jarraitzen du.
Horrela jarraitu ahalko genuke mila adibide jartzen, baina egun hauetan, hor, tartean, nik albiste bitxi bat irakurri dut:
Colombiako hiri batean, amona bat jaio berria zen bere biloba ospitalera bueltatzen saiatu zen oso itsusia zelako. Amonaren ustez, ospitalean akatsen bat egon zen eta haurra aldatu zieten. Ospitalean egoera argitu zioten, haurra bere biloba zela ziurtatu zioten, eta laguntza psikologikoa eskaini zioten.
Istorioa krudela da, eta espero dut haurra zoriontsua izatea amona hori izanik ere, baina egia esanda, ez legoke batere gaizki gustatzen ez zaigun guztia bueltatu ahal izatea. Badaezpada, ni zerrenda prestatzen hasia naiz.