Liburu aurkezpen gehienetan, mahai gainean, liburuak, ur botilak, paper bat edo beste eta, tarteka, grabagailu bat izan ohi dira. Lehengoan, ordea, Donostian, loreek ia estali ziguten aurkeztera gindoazen liburua. Inoiz ikusia nuen nola idazleak lore-sorta bat jasotzen zuen opari; lotsa puntu batekin, zer aurpegi jarri eta jasotakoa non utzi ez zekiela. Oraingoan, berriz, ez genekien loreak non jarri… baina ez zirelako kabitzen.
Maialen Bárcenaren El caimán barbudo aurkeztu genuen. Mahaiaren atzean, lau parte-hartzaile, lau emakume; eta aurrean, egilearen lagun, senide eta ezagun mordoa; askotariko azentuak eta ahoskerak. Hitz-hartzeak, barreak eta besarkadak. Norbaitek esan zuen egilearen ezkontza eguna zirudiela; niri hori baino askoz dibertigarriagoa iruditu zitzaidan. Eta, bat-batean, Maialen bere herrikide batekin hizketan hasi zen, eta haren kubatar doinua entzutean harridura-aurpegiarekin begiratu nion ondokoari; ordura arte euskaraz baino ez bainion entzuna.
Maialen, euskal errefuxiatuen alaba, Kuban jaio eta hazi zen, eta haurtzaroko oroitzapenak bildu ditu orain, semeari idatzitako gutun batean. Uxue Alberdik, hitzaurrean, ezkurren ordez mangoak ematen dituen haritz bat irudikatu du. Arratsalde hartan, zuhaitz hibrido hori posible zela iruditu zitzaidan.
Amaieran, Maialenek, eskuak gainezka eta begiak dirdiratsu, lore-sortetako bat eskaini zidan. Eta, etxerako bidean, loreen usaina sudur azpian, xamurtasun berezi bat sentitu nuen. Urrutiko errealitateak ez erromantizatzen saiatzen naiz, are gehiago kasu honetan; Maialenek kontatutako Kuba hura, seguruenik, jada ez baita bere horretan existitzen. Baina arratsalde hartan bere irlako zerbait heldu zen liburu-dendako sotora, eta eskertu nuen epeltasuna, bazterrotan gauzak gris xamar ageri zaizkigun egunotan. Agian gure haritzak zertxobait gehiago ureztatu beharko genituzke. Ez litzaiguke-eta gaizki etorriko loreen kolore puntu bat eta mangoen gozotasun pixka bat tarteka.