Gidatzen dudan bitartean “entzun beharreko” podcastak aditzen ditut. Tupperra prestatu bitartean jasotzen ditut eguneko albisteak. Neure buruari audioak bidaltzen dizkiot, patxadaz idazteko astirik ez dudan ideiak gordetzeko. Zutabe hau bera ere WhatsApp mezu batean mamitu zen.
Ikasturte berriarekin minutu oro zukutzeko aginduaren bertigoa bueltan etorri zitzaidanean, azpimarraz jositako Byung-Chul Han-en Nekearen gizartea saiakera apaletik berreskuratu nuen; ea oraingoan zerbait barneratzen nuen. Hegazkin batean berrirakurri nuen, eta, hara paradoxa: pentsatu nuen gustura ere egoten naizela konexiorik gabeko parentesi behartu horietan.
Han-ek azaltzen du Mendebaldeko gizarte aurreratuetan paradigma aldaketa bat gertatu dela: lehengo diziplina-gizarteak –kanpotik ezarritako agindu eta debekuetan oinarritzen zenak– errendimenduaren gizarteari eman diola bide, eta orain, norbanakoak garela geure burua esplotatzen dugunak. Esplotatzailea eta esplotatua, pertsona bera; hori bai pagotxa! Kapitalismoaren tranpa handi bat dago hor: geure buruari gero eta gehiago eskatzea lortzen du, geure borondatez, aske, egiten dugula sinetsarazita. Atsedena bera ere zeregin produktibo bihurtzeraino. Eta denera iristen ez bagara, frustratu egiten gara.
En fin. Liburuko orrialde baten argazkia finkatu dut neure buruarekin dudan taldean. Bai, etengabe gauzak bidaltzen dizkiodan horretan, gehienak berriro irakurriko ez ditudan arren.
Saiatuko naiz Euskalerria Irratiak eskaini didan espazio hau gelditzeko, ingurura begiratzeko eta eten horretatik sortutako hausnarketatxoak partekatzeko leiho bihurtzen. Minutu batez bada ere.