Ez, ez da zientzia-fikziozko film baten izenburua.

Erabiltzailearen aurpegia Andrea Corera

Nazio Batuen Erakundeko Emakume atalaren azken txostenaren arabera, egungo erritmoan jarraituz gero, urte horretan lortuko dugu emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna. 171 urte barru. Baina kezkagarriena ez da zein motel goazen, baizik eta munduko hainbat herrialdetan atzerapausoak ematen ari garela. Azken bost urteetan, 54 herrialdetan emakumeen ordezkaritza parlamentarioak behera egin du. Eta azken bi urteetan, berdintasuna sustatzeko erakundeetatik hirutik batek boterea galdu du, eta lautik batek aurrekontu murrizketak izan ditu. Indarkeriari dagokionez, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) 2025ean argitaratutako datuen arabera, 15 urte edo gehiagoko 316 milioi emakumek indarkeria fisikoa edo sexuala jasan zuten bikotekidearen aldetik 12 hilabeteko epean. Hau da, adin-tarte horretako munduko emakumeen % 11k.  Atzo, azaroaren 25ean, entzundako zenbait adierazpenek argi utzi ziguten lortutako eskubideak ez daudela betiko bermatuta. Eta datu horiek mahai gainean izanda ere, emakumeen aurkako indarkeria ukatzen duten diskurtsoak entzuten jarraitzen dugu. Horregatik, Igandean balia dezagun hainbeste emakumeren borrokari esker lortutako botoa emateko eskubidea. Eman dezagun botoa, gure ahotsa entzunarazteko eta nolako gizartea eraiki nahi dugun erabakitzeko. Gure aurreko emakumeek gure alde borrokatu zuten bezala, guk ere badugu ondorengo belaunaldiekiko erantzukizuna. Ez dezagun ahaztu nondik gatozen, ezta norantz joan nahi dugun ere. Izan zirelako gara, eta garelako izango dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!