Itxaropena piztu omen du Hamasen eta Israelen arteko bake akordioak. Eta ez gara gu izango esperantza zapuzten dutenak, baina bistakoa da alde bien posizioen arteko desoreka. Ez da gerra bat, genozidioa da esaten eta esaten eman ditugu azken bi urteak, eta ez litzateke justua orain, ustezko bakearen ataritan, pareko rola aitortzea bi eragileei. Israelgo armadak atzera egingo du, lerro imaginario batera, baina Gaza okupatzen segituko du momentuz. Estrategia kolonialak hori du, herrien lurra eta arima jaten eta jaten doala gutxinaka, urratzen eta urratzen, noizbait nolabaiteko bake akordiotara iritsiz gero, atzeraino egin behar izan ez dezan. Eta hala ere, ez luke horrek balio beharko batzuen jarrera paternalistak indartu eta palestinarrei zer egin behar duten esateko. Ez gara nor haien estrategia eta itxaropenak neurtzeko. Are gutxiago egun bizi duten egoeran.