Marichuy

Erabiltzailearen aurpegia Ander Perez 2017ko mai. 30a, 12:29

Maria de Jesus Patricio Martinez du izena, baina Marichuy ezizenez ezagutzen dute gehienek. Asteburuan izendatu dute Mexikorako presidentegai, Indigenen Kongresu Nazionalak Chiapasen egindako bilkuran, eta hautagaitza babestu du EZLN zapatistak ere. Mexiko osoko 60 jatorrizko herri inguru bildu dira kongresuan, eta batu dituzte indarrak, Mexikoko presidentetza helburu. Marichuy du izena haien esperantzak.

Sendagilea da Marichuy, nahua komunitateko kidea, unibertsitatean langile, matxismoaren kontrako borrokalari, giza eskubideen defendatzaile sutsua. Berarekin, ustelekeriak ito eta indarkeriak zartatu duen herrialde bati bestelako proiektu bat eskaintzen saiatuko dira Mexikoko herri indigenak. Haiengandik harago doa eskaintza, ordea. Are, norberaren, alderdiaren edo oligarken interesetan baino ongizate kolektiboan pentsatzen duen hautagaitza bakarretakoa izango da eurena Mexikon. Bizitza erdigunean jarri, ingurugiroa defendatu eta aberastasuna banatzeko asmoa azaleratu dute, euren herrien duintasuna zabalduz herrialde osoan ere. Arrazoia alde dute, aurreiritziak, tamalez, agian ez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!