Nafarroako banderaren tokia arriskuan dagoela esatea Nafarroako banderaren presentzia ziurtatua dagoela ez esateko modu aski makurra da, baina funtzionatzen du. Nafarroako bandera arriskuan dagoela esatea aurrerantzean orain arte jazarritako beste indentitate batzuen adierazpena ere errespetatuko dela ez esateko modu maltzur samarra da, baina funtzionatzen du. Nafarroako bandera arriskuan dagoela esatea Nafarroako gobernuaren aurka egiteko kosta ala kosta aitzaki bat behar dela ez esateko trikimailu torpe samarra da, baina balekoa zaie.
Ongi doakie dena, ekainaren 3a iritsi eta, demagun, manifestari talde handi samar bat Espainiako banderak astintzen agertzen zaienera arte, edo, demagun, Nafarroako banderaren aterpean gobernuaren denetariko neurriak kritikatzen hasten direnera arte, edo, demagun baino gehio, artikulista bat, eskrupuluak eta doktrina etxean ahaztuta, manifestazioaren benetako helburuak aireratzen hasten denera arte, publikoki eta garden, bandera, inoiz baino gehiago, trapu zikin bat baino ez zaiela argi eta garbi utziz.