Xenofobia eta arrazakeria ia disimulurik gabe agertzen duen Marine Le Pen, eta sistema kapitalistaren eta oligarken hautagai disimulatu Emmanuelle Macron izan dira Frantziako hauteskundeetan bozkatuenak: 16 milioi bototik gora, botoen %45a. Bigarren itzulia dator orain, eta kasik seguru, Eliseotik kanpo geratuko da Le Pen, nahiz eta horretarako ustez antagonikoak diren hainbat familia politiko elkartu. Eskuin muturraren ordez, eskuina agintean, eta segi aurrera.
Lagun batek esan berri dit, hondartzako solasean, berdin duela botoa nori eman, kaleko herritarrak ez duela bizi baldintzen hobetzerik nabarituko, herriak bakarrik salba dezakela herria. Uste geroz eta zabalduagoa da, nonbait: politikoekin ez da zereginik. Ez zaio egirik falta, ziurrenik. Baina bitartean, diskurtso politikoek funtzionatzen omen ez duten garaian, politikariekiko deskonfiantza nagusi ei den garaian, diskurtso eta politikari jakin batzuk ari dira indartzen. 16 milioi boto 16 milio boto dira. Eman behar luke zer pentsatua.